Doctor Bat eta Mister Bi

Gaurko pertsonaia blog askotan degu hizpide, bere azken eleberria dela eta. Baina ni ez nator honetara publizitatea egitera.

Hona hemen Lucianoren bizitzaren pasarte bi. Bietan pertsona berbera da protagonista edo, behintzat, bietan buelta emango zan bi hitz hauek entzungo balitu:

Jon Juaristi.


------------------

Bat

Hamar urte geroago, Luciano Brindavinok oroituko zituen Gasteizen Jon Juaristik eman zizkion Lingüística Románica-ko eskolak.

Ikasleak pozik zeuden berarekin, istorio eder zein ezezagunak kontatzen baitzituen. Beste batzuetan bere poemaren bat irakurtzen zien, edota irakurgaiak gomendatu ere. Juaristiren bitartez, esaterako, Brindavinok Thomas Bernhard eta Robert Graves ezagutu zituen.

Orduantxe entzun zituen ere, lehen aldiz, Juaristik abertzaletasunaren kontra pilatzen ari zen argudioak.

Haietako bat oso bitxia iruditu zait, eta horregatik ekarri nahi izan dut honera. Juaristik zioen Sabin Aranak, euskararen garbitasuna lortzeko legez, gaztelaniako kutxu zuten hitzak baztertu eta berriak asmatu zituela: isparringia (egunkaria), urrutixkiña (Telefonoa), akeita (kafea)...

Kontua da, Aranak hizkuntzalaritza munduan ez zuela inongo prestakuntzarik eta, beraz, hitzak hiztegitik sartu zein ateratzeko, irizpide nahiko xelebreak erabiltzen zituela. Esate baterako, ez zuen kontutan hartu gaztelerako hitz dexenteren sustraia grekolatindarra zela.

-Nola egin muzin TELE, PHONO, VISION, RADIO bezalako hitzei, munduko hizkuntza gehienek etengabe erabiltzen badute garai berriak dakarten aldaketei aurre egiteko? -zioen Juaristik.

Baina Juaristiri grazia gehien ematen ziona, Sabin-ek pertsona-izenei ematen zien txiribuelta zen. Kontatu zigun Sabin Aranak bazuela lagun bat pediatra zena; gizon horrek teoria bitxi hau landu omen zuen ume jaioberriei buruz:

-Jaioberriak, neska bada, horrela egiten du negar: eeeeeeeeeeeeeeee!
-Eta mutila bada: aaaaaaaaaaaaaaa!

Hori bai aurkikuntza!. Ze pena oraindik Nobel Sariak banatzen ez zirela hasi. Bestela hor izango genuen lehena.

Sabin Aranak aurkikuntzaren berri izan zuenean, noski, antroponimo ‘garbi’-en proiekturako erabiltzea erabaki zuen.

Horrela, erabaki zuen ema-izen berriak –e bokalaz amaituko zirala; eta gizon-izenak, berriz, -a bokalaz.


Hortik datoz, beraz, Juaristiren esanetan, pertsona-izen hauek:

Neskak: Amane, Eguzkiñe, Nekane, Jasone, Garbiñe, Egizkiñe, Amane, Uxue, Julene, Amane, Sorkunde, Edurne, ...

Mutilak: Jagoba, Gaizka, Gorka,...



-------------------

Bi

Beste hau 1999 lehen hiruhilekoan gertatu zen. Garai hartan Luciano Algortan zebilen lanean eta bertako pentsio batean lo egiten zuen lanegunetan. Pentsioko gela oso txikia zen: ohea, armairua eta gau mahaia. Punto. Beraz, Lucianok arratsalde gehienak pentsiotik kanpo pasatzen zituen, noraezean.

Egun hartan bezalaxe: lanetik atera, menutxoa bazkaldu eta La Plaza tabernara joan zen, kafea eta Pampero txupitoa hartzera. Eta gero, zer? Brindavinok ez zeukan tabernan arratsalde osoa pasatzeko gogorik. Baina ez zitzaion ezer bururatzen eta, beraz, beste txupitoa eskatzera altxatu zen. Kamareruak tragoa serbitzen zuen bitartean, Lucianok aldamenean zeukan egunkariari erreparatu zion. El Correo zan eta herrietako atalean zegoen irekita. Orri bikoitian Getxoko kronika zekarren eta, behean-eskubian, holako iragarkitxo bat:

Charla-conferencia a cargo de Jon Juaristi presentando su último libro, en el que desmonta y ridiculiza los mitos nacionalistas.
Organiza : Partido Popular
Lugar: Polideportivo de Fadura
Hora: 18:30

Deialdiak zarrada sortu zion bihotzean Lucianori.

-Eta joango banintz?

Eta joan zan.

Zerk bultzatu zuen?

Irakur ezazue Blog honen azpitituluan dagoen izen abstraktoa.

Kuriositatea, bai.

Mintzaldia Fadura polikiroldegiko areto batean ospatu zen. Bostehun bat pertsona kabituko zian bertan eta nahikotxo bete zan.

Han zegoen Bilbo Handiaren eskubialdeko eskubia. Gehienak emakumeak, 50 urtetik gorakoak. Deigarriak ziren haien larruzko berokiak, eta are gehiago eskubialdeko gerontokraziaren buruetan isladatzen ziren ileapaindegiko orduak. Ileapantzeaileek bertso bat baino gehiago merezi dute, andre hauekin egindako lana ikusita.

Brindavinok atzeko aulkietan esertzera erabaki zuen, irteerako atea gertu izatearren.

Badaezpada...

Mungiako afiliatu baten ondoan esertzera suertatu zitzaion. Oso urduri zegoela aitortu zion Lucianori, lehen aldia baitzen halako ekitaldi ponposoan parte hartzen zuela.

-¿Tú también eres del Partido?

-Eeehhh... pueeess, no. Sólo soy simpatizante.

-Ah, encantado.

Eta bostekoa luzatu zion Lucianori.

Hitzaldia sei t’erditan puntuan hasi zen. Hasiera hasieratik Juaristik bere entzulegoak nahi zituen argudioak errazak adierazi zituen. Bere diskurtsoa oso aurrikusteko modukoa zen. Juaristi hura ez zan Brindavinok ezagutu zuen hura. Laurdengutxitan Brindavinok asper-asper eginda zegoen jada:

-Zer dute amankomunean hemen entzuten ari naizenak, eta Fakultateko eskola haiek?

-Zer demontre egiten ari naiz hemen?

Niciun comentariu: