Indiar Intermitentziak 3.1.2

Bidean: Autoricksaw-etik begira.

Autobusa Jodhpur-era berandu iritsi zan, beti bezala. Gure ipurdi laukizuzenak protesta egin zuten, jarlekutik altxa ginenean; belaun erdoilduek, beste hainbeste, autobusetik jaitsi eta motxilak hartzera joan ginanean.

Motxila jarri aurretik, hiriko planoari begiradatxoa eman genion.

-Erdigunetik nahiko urrun gare. Autoricksaw-a hartu beharko dugu.

Geltokitik atera ginanean, bostpahogei gidarik asaldatu ziguten. Motoziklo zahar bat egokitu zitzaigun; gidaria, tipo majoa, ixila. Helbidea eta dirusaria adostu ostean, gu eta gure motxilak atzeko eserlekuan kabitu ahal izateko ilusionismo truko bat erakutsi zigun.

Gidariak autoricksaw-aren motorea martxan jarri zuenenean, honako hau etorri zitzaidan burura: erretzaile amorratu baten gauerdiko eztula.

-Trasto honekin ez gara urrutira iritsiko. Baietz lehen bidezuloan trabatu!

Oker nengoen, berriro ere. Motozikloak arazorik gabe saihestu zituen aurrean jarri zitzaizkion tupustarri guztiak: kotxeak, motorrak, behiak, zakurrak, zaldiak, umeak, putzuak, aldapak...

Eta hori gutxi balitz, Indiako postal ederra oparitu zigun.

(Apur bat pixel gehiago eskertuko lituzke bideoak; baina dagoenarekin konformatu beharko, 'kodek' egokia aurkitzen dudan bitartean.)




Indiar Intermitentziak 3.1.1

Bidean: Autoricksaw sorta.

Indiako hirien sena bilduko zuen ikono bat bilatu ezkero, autoricksaw-ak aukeratuko nituzke, zalantzarik gabe. Edonon (Mumbai-n salbu) topa daiteke motoziklo horietako bat eta, oso diru gutxigatik, atrakzio tipiko horretaz gozatu.

Gainera, ez pentsa, autoricksaw-etan ibiltzeaz bat aspertu egiten denik -birikak kontaminatu agian, bai-, ez eta gutxiagorik ere. Izan ere, autoricksaw bakoitzak xarma ematen dioten ezaugarri berezi batzuk ditu.

Gehienak, esaterako, kolore berde eta horikoak dira, baina beltz kolorekoak ere aurki daitezke.

Batzuk oso zaharrak dira, haien motorrak ozta-ozta libratzen dituzte bide zuloak eta aldapak. Beste batzuk, berriz, katu abisinioa zabortegi batean ikustea bezalakoak dira. Apaindurez josita, pintatu berriak...

Kontraste biziena: motozikloan sartzen den jende kopurua. Turistak badira, hiru, gehienera jota; bertakoak, berriz, batek ez daki, nola kabitzen diren hainbeste. Dieta kontua izango al da?


Indiar intermitentziak 3.0

Bidean: turista hasiberriaren bidesaria

Gabonei ihes egin nahian dabil ene Brain Pocket-a. Argazki, bideo eta koaderno berdeko apunteetan murgilduta dabil azken egunotan, bideari lotutako bizipenak ordenatuz.

Lan horren emaitzak jasoko ditu indiar intermitentzien 3. kapitulu honek. Hurrengo mezuetan zehar, Indiako bideetan murgilduko gara, bere garraio sistema anitza ezagutuz. Autoricksaw, bus eta trenbideko lehioetatik burua azalduko dugu, azpikontinenteko jendea eta paisaiak dastatzearren.

Eta bidea hasteko, Indian esnatu ginen lehen egunera gonbidatu nahi zaituztet, orduan ordaindu baikenuen turista hasiberri orori dagokion bidesaria.

----------------


Gure lehen gau indiarra Delhiko Pahargang auzo zaratatsuan pasatzea erabaki genuen, tren geltokitik metro gutxira zegoelako. Biharamunean, gosaldu ostean, Main Bazar kalea osorik zeharkatu genuen, Delhi Zaharreko geltokiari lehen ikusia emateko.

Pahargang-etik atera ginanean, plaza erraldoi baten beste aldean, tren geltokiaren eraikina ikusi genuen. Haruntz jo genuen, beraz, jende eta autoricksaw andana hala edo nola saihesten saiatzen ginan bitartean. Bide erdia eginda generamala, zalantzan hasi ginen, ez baikenekien non demontre zegoen txartelak erreserbatzeko bulegoa. Horra hor gure lehenbiziko akatsa.

Horretan genbilela, pertsona bat guregana korrika batean zetorrela ikusi genuen. Hogei bat urteko gaztea zen eta berehala hasi zitzaigun ingelesez hitz egiten.

-Baina, nora zoazte? Trenerako txartelik nahi? Ba bide okerrean zoazte, lagunok... Atzerritarrentzako bulegoa lekuz aldatu berri dute. Erakutsi planoa eta esango dizuet non dagoen orain; ea, ikus dezagun, gu hemen gaude... eta bulegoa beste leku honetan. Autoricksaw-a hartu beharko dozue.

Gazte atsegin hark ez zion instant bakar batean ere hitz egiteari utzi. Jario etengabeak zeharo zorabiaturik utzi gintuen. Hitzik esan gabe, mantso-mantso, berak agindutako autoricksaw-era igo ginen. Agurtu aurretik, azken gomendioa luzatu zigun, bere hitzak irriño batekin laguntzen zuen bitartean.

-Etzazue 10 rupia baino gehiago ordaindu ibilbidearengatik.

Handik hamar minutura, Autoricksaw-ak bulego txiki baten aurrean utzi gintuen. Adostutako hamar rupiak ordaindu ondoren, bulegora sartu ginan. Han esan zigutenak, bertan behera bota zuen aldez aurretik prestatuta geneukan bidai-orria.

-Egun on. Iparraldera doazen trenei buruzko argibide bila gatoz. Manali, Simla, Dehra Dun..., berdin zaigu, baina ezinbestekoa da trena lehenbaitlehen izatea.

-Iparraldera trenez? Hori guztiz ezinezkoa da. Trenbideak moztuta daude montzoia amaitu bitartean.

-Baina montzoia urrian amaitzen da...

-Hala da. Beste leku bat aukeratu beharko dozue. Dena den, beste lekuetara joateko ere oso zaila izango da tren bat lortzea, eserleku eta litera gehienak okupatuta daude, abuztuaren erdi aldera arte gutxienez...

-Eta zer egin dezakegu ba?

-Rajastan ezagutzen al dozue? Leku miresgarria da.

-Ba, bai. Lonely Planet-en ezer irakurri dut, baina...

-Eskaintza oso erakargarriak ditugu Rajastan-dik zehar bidaiatzeko. Trenik ez dagoenez, aukera hoberena taxiarena dela deritzot.

-Taxia? Ez al da garestiegia izango?

-Ez eta gutxiagorik ere. Pertsona bakoitzeko, 300 $-engatik 10 egun pasa ditzakezue. Taxi gidariak hotelen parean utziko zaituzte eta, hori gutxi bada, maletegian nahi adina garagardo izango dozue eskura, frexko-frexkoa.

-Beraz, 600 $, hamar egunengatik?

-Hala da. Kontutan hartu, gidariak ere lo egiteko lekua behar duela, eta horrek ere dirua balio duela...

-Ez dakit ba, pentsatuko dugu.

------------------

Pajargang ingurura bueltatzeko, autoricklsaw-a hartu genuen berriro. Motoziklora igo aurretik, salneurria adosteko tratuari ekin genion.

-Zenbat? -galdetu zuen Lutxianok

-30 rupia.

-30? Hori lapurreta da. Tori zazu 10.

Gidariak ez zuen muskulu bat ere mugitu.

-Ez dizut 10 baino gehiago ordainduko.

Azeleragailuaren hotsa eta dioxidoa gure biriketan.

Bigarren autoricksaw-a geldiarazi genuen, baita erantzun berbera jaso ere. Berdin hirugarrenean. Eta laugarrenean.

Adela eta biok elkar begiratu genuen. Orduantxe jabetu ginan, tren geltokiko 'gazte atsegin' hark sartu zigun ziriaz. Autoricksawaren salneurria, txartel bulegoaren lekualdatzea..., erabat susmagarria zen hura guztia.

--------


Handik bi egunera, geltokira bueltatu ginen. Bigarren saio hartan ez zigun inork asaldatu. Atzerritarrentzako bulegoa aixe aurkitu genuen, bai eta behar genituen tiketak eskuratu ere. Baina horri buruz beste mezu batean ariko naiz, trenari eskainiko diodan horretan (3.3), alegia; bitartean, posteskriptum-arekin agurtzen zaituztet.

-------------------


Posteskriptum-a: Aste pare bat geroago, Jaisalmer-en, bikote bilbotar batekin egin genuen topo. Delhiko geltoki zaharrera txartelak erostera joan zirenean, guri sartu ziguten ziri berberarekin engainatu zituzten. Hau da, 'gazte atsegin' batek salmenta-bulego itxita zegoela esan, eta agentzia pribatu batera bidali zien. Han ere, azaldu zieten azaroaren 13ra arte trenik ez zegoela, eta Rajastandik bidaiatzeko aukera bakarra, beraz, taxia alokatzea zela.

Baina zoritxarrez, bilbotar haiei, ez eta bidaian zehar ezagutu genituen beste turista gaixoei ere, ez zitzaien burutik pasa geltokiari bigarren bisitatxoa egitea.

Hamar egun ibili ziran, beraz, Rajastango eremu lehorrak taxiaren lehiotik ezagutzen, gidariak komisioa zeukan hotelak bisitatuz eta, -a ze luxoa!- maletegiko garagardo frexkoa dastatzen.