Ostrukaren estrategia (eta bi)

Errealitatearen aurrean begiak ixtea ez da gizabanakoen ezaugarri esklusiboa. Gizarteak ere askotan jarraitzen du ostrukaren estrategia. Tesi hori irudikatzeko, etorkin gazteek gaur eta hemen bizi duten egoerari buruz ariko naiz.

-------------------

Azken urteotan, etorkin ugari iritsi dira Euskal Herrira: magrebtarrrak, sahara azpikoak, latinoamerikarrak, Europa ekialdekoak... Eta horien artean, nola ez, gaztetxo asko daude, 16 urte bitartekoak, eskolara joan beharra daukatenak.

Ikasle horien gehiengoak euskaraz ez dakienez, B ereduan matrikulatzen da. Hemen gauza bat argitu nahi det: DBHko ikastexe askotan, B eta D ereduko ikasleek ikastetxe desberdinetan ikasten dute. Batxilergoan, ikastexe berberetan badaude ere, bereizketa sotilagoak ematen dira, hots, B eredukoen gela arik eta urrutien jartzea, esate.

Era horretan, gazteleraz soilik bizi diren neska-mutikoak, ez dituzte D eredukoekin harremanak izateko aukera asko izaten. Aisialdi garaian ere gauza bera gertatzen da. Horretaz ohartzeko, larunbat arrats batean Ilunbe aldera egitera gomendatuko nuke. Talai ederra etorkinen mundua eta erreferenteak ezagutzeko.

Modu horretan, gure begien parean mundu paraleloa sortzen ari den bitartean, gizarteak ezer pasako ez balitz bezala jokatzen duelakoan nago. Eta hori da gehien harritzen/sutzen nauena. Hezkuntzako sindikatuek kaleratzen dituzten aldarrikapenetan ere, zeharka aipatzen da etorkin berrien fenomenoa.

Hori dela eta, aurreko ostiralean poza handia sentitu nuen, Berria egunkariak Miramar jauregian egiten ari ziren jardunaldien berri eman zuenean. Bertan, Hizkuntz ereduen desagerpena eskatu zuen Felix Etxeberriak. 'Ikasle guztiak euskaldundu' lemapean, zalantzan jarri zituen, gaur egun, B eredua mantentzeko arrazoiak:

"Ikasleak elkarrekin egotea defendatzen dugu, gela berean eta eredu bakar batean, integrazioaren bidean sakontzeko eta bi pentsamolde eta gizatalde sor daitezen eragozteko."

Bere proposamena Kataluniako eredua jarraitzea da: "legeak espresuki debekatzen du ikasleak beren ohiko hizkuntzaren arabera ikastetxe edo talde berezietan banatzea."

Erabat ados nago horrekin. Bide desberdinetatik ondorio berberera ailegatu gerala iruditzen zait. Bere diagnosiarekin, berriz, ez nator bat, A eta B ereduetan ikasteko arrazoi bakarra dagoela uste baitu: "Seme-alabek euskara ez ikasteko."

Kontu hori sakonago aztertu behar delakoan nago. Horregatik, puntua hartuko diot Felixek mahai gainean jarri duen galderari:

Zergatik A eta B ereduen arteko bereizketa hori?

Alde batetik, susmoa daukat, D ereduko ikasleak eta haien gurasoak gustora dabiltzala egungo egoerarekin. Guraso askok beldur dira ea etorkinek ez dituzten haien seme-alabak 'kutxatuko'. Bai, badakit, berriro ere generalizatzen ari naizela, baina tokatu zait ikustea etorkinekiko mesfidantza hori gero eta gehiago errotzen ari dela gure eskoletan.

Bestetik, B ereduko ikasleei ez dirudi bereizkeri hori gehiegi axola zaienik. Batek baino gehiagok euskara oztopoa bezala ikusten duela esan dit; ikasi baino, nahiago dutela lana Euskal Herritik kanpo bilatzea.

Horrelakoak entzuten ditudanean oso triste jartzen naiz, eta lurrazpian sartzen dut nere burua, ikasleak nere malkoak ikus ez ditzan.



Niciun comentariu: