Ostrukaren estrategia (bat)

Ezin izango nuke hobe adierazi, patxitraperok bere aspaldiko mezu batean dioena. Erabat identifikatzen naiz bere hitz hauekin:

Ez zait batere gustatzen gauzak behartuta egitea. (...). Horregatik uzten ditut hamaika lan azken azkenerarte. Behartuta egin beharreko guztiak, betidanik, txiki txikitatik...

Niri ere asko kostatu izan zait beti behartuta lan egitea. Azpikontzientean txip moduko bat pizten zait eta akabo, hipotesi onenean, azkenerako utziko dut kontua. Baina gertatu izan zait ere inoizerako uztea; hau da, ostrukaren estrategia jarraitzea: burua lurrazpiratu eta itxoin, ea arazoa bakarrik konpontzen den.




Batek pentsa lezake estrategia hori jarraitzen duenari, heldutasun pittin bat falta zaiola. Litekeena da. Ba ni ere klubekoa naiz. Gustatzen zait, noizbehinka, begiak eskutartean izkutatzea -inork ezin nau ikusi-, eta ene haurtzaroko sentzazio haietara bueltatzea.

Argi dago, baina, estrategia horrek bere arriskuak badituela. Burua lurrazpian baduzu ere, garunak ezin du bere lana utzi, egiteke utzi duzun horretan pentsatzen ari da etengabe. Horri 'kulpa' deitzen zaio. Eta kontzientzia horrek daraman zama astuna da oso.

Gerta liteke, gainera, zama horren pisua jasanezina izatea, horrek ondorio beldurgarriak ekar dezazke. Ezagutu al duzue inoiz gazte bat, zeinen gurasoek uste zuten Ingenieritzako laugarren mailan zegoela, eta matrikularik ere ez zuela? Nik bai. Baina ume-kontua da hori, oraintxe datorren egiazko (eta beldurrezko) istorioaren aurrean.

Imagina dezagun medikuntza ikasten ari den tipo frantses bat. Bere neskalagun, guraso eta lagunek karrera atera berri duela uste dute. Hala edo nola lortu du, bost urte luzeetan, guztioi engainatzea. Handik gutxira, Estrasburg-eko 'Osasunaren Mundu Erakunde'an lana aurkitu duela esan die, baina hori ere ez da egia; basoan bakarrik pasatzen ditu egunak. Ezkondu egin da eta bi seme-alaba izan dituzte. Nondik ateratzen du dirua? Bere emaztearen gurasoek eman ziotenetik, epe luzeko bonu batetan inbertitzeko. Diru horrekin, goi mailako famili burges baten bizimodua dauka.

Handik hamar urtera, dirua urritzen hasia danean, emaztearen aitak, bonuetako dirua bueltatzeko eskatzen dio. Denbora batean lortzen du kontua atzeratzea, baina ez asko. Erortzear da, hainbeste urtetan eraikitako harezko gaztelua.

Zer egiten du? Bi aukera emango ditut.

a) Bere buruaz beste egin.

b) Famili osoa erre: seme-alabak, emaztea, eta haren aita eta ama. Bera ere pixka bat erre zan, baina koartada bezala erabiltzeko.

Erantzuna, Emmanuel Carrère-ren 'L´adversaire' eleberrian irakurri dezakezu. Liburu gogorra da oso, bi urdai baino gehiago behar dira eleberri hori irakurtzeko. Gaztelerazko itzulpena ezagutzen dut nik; hona hemen Ignacio Illarreguiren kritika, gazteleraz.

------------------

Mezu hau ezin dut hemen amaitu, hain era tristean. Irakaspen bat eskaintzearen beharra sentizen dot. Bizitzari aurre egiten dioten pertsona baten bila ari naiz ene 'brain-pocket'ean. Irudi hau atera zait:

Aspaldiko sanferminetako entzierro hura luzera doa, zezen despistatu bat dela eta. Zezen plazako atera gerturatzen ari da. Telebistako kronometroak lau minutu markatu ditu. Zezenaren aurrean, metro gutxira, korrikalari bat labaindu eta lurrera erori da. Bere begiak eta zezenarenak bat egin dute. Korrikalaria lurrean etzanda dago, gora begira. Zezena zuzen-zuzen joan da beregana. Metro bat falta zaionean, muturra jaitsi du, bere adar ederrak agerian utziaz. Bitartean, korrikalariak etzanda jarraitzen du. Zezenaren hatsa sentitu dezake jada.

Zer egiten du? Bi aukera emango ditut.

a) Zezenari aurre egin, eta adarretatik hartzen du.

b) Kikildu egiten da eta jesukriston adarkada jasotzen du.

Erantzuna asmatu duzulakoan, hona hemen agindutako (!) irakaspena:

Korrikalaria zezenaren indarraz baliatzen da bere bizia salbatzeko. Era berean, arazoei aurre egitea da onena, arazoek beraiek salbatuko baikaituzte.




Niciun comentariu: