Sustrairik gabeko arbola gaztea

Irakurtzen nauzuenetako batzuk jakingo duzue jada irakasle nomada naizela. Zortzi urte daramazkit Euskal Autonomi Erkidegoko bigarren hezkuntzako ikastetxeak banan-banan dastatzen.

Egia esan, nik ez nuen lanbide hura aukeratu, berak aukeratu ninduen ni. Kontua da 1998an azpikontrata batentzat lanean nenbilela Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren Aldizkari Ofiziala (BOTHA delakoa) euskaratzen. Lan baldintzak hutsaren hurrengoak ziren: ehun mila pela zortzi ordu lan egiteagatik.

Horregatik, Hezkuntza Ordezkaritzatik deitu nindutenean ez nuen bi aldiz pentsatu eta irakasle bihurtu nintzen.

Ez pentsa ene aukera bokazio kontua zenik, ezta gutxiagorik ere. Izan ere, mutil koxkorra nintzanean ez nekien zer izan nahi nuen, baina oso argi neukan gauza bat: irakaslea ez nuela izan nahi. Garai haietan irakasleek sekulako pena ematen zidaten, zeharo miresten nuen bere pazientzia amaiezina. Agian orain kontatu beharko nituzke eskolan egin genituen barrabaskeri batzuk, baina hori ez da mezu honen helburua, ea beste batean.

---------------


Asko aldatu dira gauzak nere ikasle garaietatik. Urteak aurrera joan ahala, gero eta gehiago kostatzen zait gaztetxoei ulertzea. Hori gauza normala da oso. Belaunaldi berriek betidanik egin dio aurre aurrekoari, naturaren legeei jarraiki.

Horregatik inoiz ez zait gustatu esatea egungo neska-mutilak lehengoak baino okerragoak direla. Topiko hutsa besterik ez da hori.

Are grazia gutxiago ematen dit errua irakasleei botatzea. Bigunegiak garela, gure erantzunkizunei bizkarra ematen diegula...

Batek esan lezake, jarraian kontatuko dudan istorioa errealitatearen parte bat besterik ez dela, ene jarrera zeharo korporatibista dela. Libre zara hori pentsatzeko.

--------------


EAEko edozein ikastetxe, XXI. mendearen hasieran.

Ikaslea deabruaren berraragiztapena dirudi. Hitz gordin eta iraingarrien bidez besterik ez daki hitz egiten. Irakasleak nekez eman ditzake eskolak, mutilak etengabe oztopatzen baititu. Atentzioa deituz gero, bere jarrera oldakorra agerian uzten du. Berdin zaio kaleratzen badute. Falta larria jartzen badiote, baliteke irakasleari mehatxuren bat botatzea. Irakaslearentzat momentu goxo bakar bat dago: ikasleak bere idazmahaian lo hartzen duenean. Pakea.

Norena da errua?

Tutoreak hitzordua eman dio amari. Aitari ez, bananduta baitaude eta aspaldi ez delako bere semeaz arduratzen. Tutoreak ikaslearen jarreraren inguruko azken berriak ematen dizkio. Holakoaxea amaren erantzuna:

-Eta zer nahi dezu, ba, nik egitea? Arratseko ordubietatik hamarrak arte egiten dut lan, ordu hoietan ezinezkoa zait mutila kontrolapean izatea.

-Baina mutilarentzat ezin da ona izan hainbeste denbora bakarrik egotea...

Norena da erantzunkizuna?

Ikaslearena? Irakasleena? Gurasoena? Gizartearena?

Zuk zeuk.

Nire erantzuna mezuaren izenbururan aurki dezakezu. Errua, nire ustez, sortzen ari garen gizartean datza. Inoiz baino bikote gehiago banantzen dira, seme-alabak dituztela kontutan hartu gabe. Haurrak babesik gabe hazten dira eta klaro, de aquellos barros...

Hausnarketarako galdera bat amaitzeko, aurrekoaren harira:

Pentsatu al zuten aita eta ama haiek, ume bat izateak zer suposatzen zuen?

----------------


Posteskriptuma: Amaren lanbidea nahita utzi dut bukaerarako: psikologoa. Puf!

2 comentarii:

Patxi spunea...

Gai polita.

Ez nator bat planteamentu honekin: "inoiz baino bikote gehiago banantzen dira, seme-alabak dituztela kontutan hartu gabe"

Ez det uste umeak babestuago egongo direnik, alkar ikusi ezin duten guraso batzuen etxean.

Bananduta ere, umeek izan dezakete babesa: borondate kontua da, ia gehienetan, nere ustez.

Borondateak zera dakar: sakrifizioa, nork bere denbora kentzea, umeei emateko... Hor dago gakoa.

Erosotasunak edo, utzikeriak galtzen du gizarte hau.

Beharbada gehiago sakondu beharko nuke erantzun hau, baina boteprontoan, hauxe atera zait.

Lutxiano Brindavino spunea...

Berriro ere arrazoia ematen dizut. Askotan gertatzen zait azalari begira geratzen naizela, harago begiratu gabe.

Gaizki nenbilen nioenean deserrotzearen zergatia banantzean zetzala, familiko krisiaren beste ondorioa besterik ez baita.

Esan nahi nuen, nolabait, gaztetxoen erreferente falta hori kasu askotan familiaren deserrotzetik datorrela, eta hori, nere lan esperientziaren arabera, nahiko fenomeno berria dela. Lehen ez zan halakorik gertatzen, ez hainbeste behintzat, agian etxeetan jende gehiago bizi zalako.

Eskerrak, beraz, lezioagatik; ikusten ikasten iraskateagatik.