Berdin do

Jakingo al du etorkizuneko emakumeak, erratza zer den? Egunkaria irakurriko al du gosaltzen duen bitartean?

Eta gizonak, erratza pasako al du sofaren atzean? Armairuen sekretua ikasiko al du?

Hori guztia lortzeko bidean al zeuden euskaldunak?

-----------------


Bazen behin Zumarretxun emakume gaztez osatutako talde bat: Berdin Do. Zumarretxuko Gazteleku berriaren babesean sortu zan mende honen hasieran. Taldea osatzen zuten neska gazteak, saiatuak, nekaezinak, bere zainetan zeramaten XX.mendeko hasierako sufragisten odola.

Adela eta Luciano beti bueltatzen ziren etxera, ostiraleko txikiteotik, Berdin Doren paskinen batekin: bilera beterako deialdia zabaltzeko, tratu txarren kontrako manifa konbokatzeko, azken tratu txarra salatzeko... Urretxuko Euskal Jaian ere karroza ateratzen zuten.

Beste lore eder bar Gaztelekuaren oasian. Salbuespena, herri hedonistan.

Neska adoretsu horien aurretik, beste nesken taldea ere izan zan Zumarretxun, 80 hamarkadan. Hori ere Gazteleku zaharraren inguruan sortu zen: kasualitatea. Agian ez zuten izan Berdin Dokoen fundamentua, baina bere emetasuna inongo konplexurik gabe adierazten ikasi zuten. Urtero Errioxara joaten zien autobusean, bertako ardoa dastatzera, haien mutil-lagun, nobixo edo pretendenientetatik libre.

-----------------


Kasu horiek ikusita, ez zirudien Zumarretxun mugimendu feminista ankamotz geratzen zenik. Baina hortik kanpo, ba al zegoen ezer? Zerbait aurreratu al zuen belaunaldi berriak?

Ba bai, noski, gauza asko. Esaterako, gero eta gizon gehiago ikus zitekeen betidanik emakumeenak ziren eginkizunetan. Arlo horretan ere bide asko egiteke bazegoen ere, Lucianok ez zuen uste errua gizonaren pasibitatean soilik bilatu behar zanik; emakume askok ere, batez ere 50. hamarkadaren aurretik jaiotakoak, rol matriarkal horretan eroso sentitzen ziran, ez baitzuten besterik ezagutu.

-Gizon zein emakumeak subkontzientean ditugun aurreiritziak sahiestearren, mentalitatea birplanteatzea ezinbestekoa da. Eta horretan gizarte osoa inplikatu behar da.; batez ere, iritzi publikoan indarra duten eragileak.

Ez pentsa Brindavino konklusio horietara bere kabuz iritsi zanik, ezta gutxiagorik ere. Ikuspuntua, Gernikan aspaldi ezagutu zuen emakume argi batengatik jaso zuen gure kaikuak.

Eta argumentazioa janzteko aukeratu dituen honako egoera hauek ere ez ditu Lucianok asmatu, hain dira arruntak, egunerokoak:


Gizon eredugarriaren balada

-Ikusi al dezu zein trebetasunarekin hartzen zituen Iñakik haurtxoak? Izeba Joxepi eta Izeba Prantxiska prest zeuden 24 orduak bien artean egiteko, baina Iñakik gaua berak egingo zuela esan du. Ze fiña den, ze zortea duen Ainarak! Etxean ere nahikotxo laguntzen omen dio. Atzo goizean, bidegorritik nindoala, balkoian ikusi nuen arropa isekitzen.

Gauza bera gertatzen da umeak pasiatzera ateratzeko orduan. Ama, ikusi ere ez; aita, berriz...

-Zein irudi kutuna, aitak semea paseatzen !

Modu berean, ilea zuritzen hasi zaion Iñakiri, betiko topikoa...

-Ile zuriak erakargarriago egiten zaitu; (gainera, horrela ez zaizu ilea eroriko).

Neskari tokatzen bazaio, aldiz, bizitzaren ordu gehiegi pasa beharko ditu ileak isilpean tintatzen.

-----------------------


Lucianok uste zuen laudorio horiek ez zutela batere laguntzen berdintasunaren bidean.

-Garai berriak naturaltasunez hartzen ez diren heinean, berdintasuna hitz hutsala izaten jarraituko da, politikariei hainbeste gustazten zaien horietakoa.

Niciun comentariu: