Indiar intermitentziak 2.2

Hinduismoa kristautasunaren ispiluan

Nola ulertu daiteke hinduismoa europar ikuspegitik?

Galdera horren erantzuna erraza da oso: asko kostata.

Burura datorkidan lehen aukera hemengoarekin baliokidetasunen bat bilatzean datza; kristautasunarekin, esate baterako. Modu horretan, galdera zehatzagoa egin genezake:

Hemengo elizak eta hango tenpluak funtzio berbera betezen al dute?

Edo, beste modura esanda,

Zer eragin du tenpluak hinduisten eguneroko bizitzan? Zer demontre egiten dute hinduistek bere tenpluetan?

Kosmogonia hinduan murgildu baino lehen, azken galdera hauek erantzuten saitauko naiz atari honetan.

--------------------


Ez.

Tenplu hinduistaren funtzioa nekez parekatu daiteke ezagutzen ditugun eliza katolikoekin. Baliokidea bilatzeko, gure kultur eta gizarte bizitzako alor funtsezkoaneak elizetan egin beharko genituzke, hau da: eguneroko kontuetaz hitz egin tragotxoa hartzen dugun bitartean, kantatu, mozkortu, ligatu...

Euskalerrian parrokiak tenplu bihurtzeko prestatu dudan errezetatxo honek baliteke kontua gehiago argitzea:

-Osagaiak (5000 pertsonentzat):

Zure herriko parrokia.

-Betegarriak:

Kultur Etxea
Elkarte gastronomikoa
Jubilatuen egoitza
Taberna
Bertso-eskola,
Gaztexea,
Txosnak...,

Betegarriak parrokian sartu (denak batera edo banan-banan, horrek ez dio axola). Betirako irakiten utzi.

---------------------

Aurrekoa berresteko, Adela eta Lutxianok Jaipurren ezagutu zuten gizona ekarri nahi dut honera. Piero zuen izena, eta Veneziatik gertu zegoen herrixka batekoa zan. Hiru hilabate zeramatzan jada Indian, eta gauza asko erakutsi zien Pipieneako bidaiariei. Besteak beste, hinduismoari buruz zekiena:

-Herri txikiatan, bertakoekin harreman estua izatea lortu nuela uste dut. Horretara lagundu zidan 'hindi' hitz batzuk ikastea (zenbakiak, agurrak, hiruzpalau galdera eta ohiko esapide). Horrek guztiak ireki zizkidan hinduen tenpluetako ateak. Horretarako ezinbestekoa da lagun hindu bat izatea, baina besterik ez. Modu horretan ezagutu nuen tenpluen eta erlijiotasunaren funtzioa hinduen bizitzan. Arratsaldean bertaratzen ginan, iluntzen hasten denean. Berriketan pasatzen dute denbora gehiena, alkohola edaten edota marihuana erretzen. Oso harrera ona egiten ninduten bertan. Hinduismoaren jarrera ireki hori da gehien erakartzen nauena.

Horren ostean, Musulmanen kontra ekin zion Pierok. sektatzat hartzen zuen erlijio hura.

-Musulmanentzat, musulmanak ez direnak ez dira esistitzen, fedegabeak dira eta, hargatik, errotik atera behar den belar gaiztoa.

Pieroren hitz horiek bide berriak ireki zituzten Brindavinoren garunean; baina ez zituen bereak egin. Mundu hura epaitzeko hain gutxi zekien ta, oraindiño.

---------------------


Post honen bigarren atalean hinduisten kosmogonian murgilduko gara. Ikuspuntu horretatik ere, kristautasunaren eta hinduismoaren artean, desberdintasunak agerikoak baitira.

Erlijio kristauak jainko bat besterik ez duen bitartean, indian milaka daude, aukeran. Hinduak gustoko duenaren babesa hartzen du, eta jainko edo jainkosak eman dionarekin kontent ez bada, libre da beste bat aukeratzeko. Ospe gehien lortu duten jainkoak, Laxmi eta Ganesh, ez daude arrisku honrretatik libre. Lehenak 'aberastasuna', eta bigarrenak 'zorte ona' opatzen ez badu, nekez eskainiko dizkiete tenpluen atarian eros daitezkeen loreak eta azukrea.




Batek esan lezake hemengo santuak funtzio berbera bete dezakatela, eta ez zaio arrazoirik falta. Baina hor desbertintasunak daudelakoan nago. Izan ere, jainko hinduistei ez zaiei santuei bezainbeste miresten. Haien indarra zalantza jartzen da askotan. Horregatik, jainkoz aldatzea, goizean esnatzea bezain ohikoa bihurtzen da sarritan.

Beste batek ere argudia lezake Lutxianok irratian entzun zuena, Bermeoko Arrantzalearen Museoan dagoen deun baten irudiari buruz, Lazaro santuarena, alegia. Burua falta zaio gaixoari. Eta zergatik? Arrantzarik ez zegoenean marinelek 'egurra' ematen ziotelako.

Alde horretatik, beraz, ez dirudi bi erlijioen arteko aldea hain handia denik. Beste argudio bat bilatuko beharko det.

------------------


Jainko kristaua oso urruti dago gizakien kontuetatik. Ez du defekturik, ez ahultasunik. Gizakiak bekatariak dira bere aurrean.

Indian, ordea, jainkoak gizakiak bezalakoak dira. Bere bi testu sagratuetan (Mahabarata eta Ramayana) traizioak eta interes pertsonala egunerokoak dira. Khrisna da Mahabarata-ren protagonista nagusia. Hinduistei eskaintzen dien eredu etikoa nahiko eztabaidagarria da gure ikuspegitik. Bihotzgabekeria, traizioa, gezurra..., edozerk balio du Mahabaratan kontatzen den gerla irabazteko.

Khrisna-ren jokabideak, indiar gizartean duen isladak harriturik utzi zuen Lutxiano. Betidanik entzun zuen India herri espirituala zala, eta antzerako topikoak, baina hori ez zan errealitatean konplitzen. Aurrerago ikusiko dugun bezala, helburua lortzeko bidea zein den gutxienekoa da beraientzat.

Gandhi kontrakoa erakusten saiatu zan, baina indiarrek ez zuten ulertu, ezin zuten ulertu. Mirestu bai ordea, baina martiar bat balitz bezala. Gizajoa.

Niciun comentariu: