Indiar intermitentziak 2.1

Erlijio gutxiagotuak

Post honetan Indiako erlijio minoritarioei buruz ariko naiz, eta hurrengoa hinduismoari eskainiko diot. Ez da nere helburua Indiako erlijioen deskribapen zehatza egitea, gai horrek blog osoa berarentzat merezi baitu. Hori nahi duenak nahi adina argibide eta argazki aurki dezake sarean, Wikipedian, adibidez.

---------------------

Indiako biztanleen gehiengoa hindua da, baina badaude bestelako erlijioak praktikatzen dituztenak ere. Musulmanak, budistak, jainistak, sikh-ak eta kristauak, besteak beste.

Islamiar erlijioa Erdi Aroan ailegatu zan Indiara. Egun, Pakistan eta Bangladesh-en banaketaren ondorioz, populazioaren 10% osatzen dute. Ez da asko, Asia hegoaldeko herrialde gehienak musulmanak direla kontutan hartuta.


Budistak eta jainistak hinduismoaren erro beretik datoz. Izan ere, Buda Shivaren zortzigarren berraragiztatzea da, hinduen arabera. Jainismoa, bestalde, k.o IV. mendean jaio zan, 'Mahavira' profetaren eskutik. Horrek hainbat defektu aurkitu zizkion hindu erlijioari, besteak beste, kasta sistemak zekarren injustizia. Hori dela eta, erlijio berria sortzea erabaki zuen.


Sikhismoa, hindu eta islamiar erlijioen arteko erlazioaren ondorio naturala da. Batetik zein bestetik hartu zuen zerbait. Sikh gizonak oso erraz identifika daitezke. Bere bizarra eta burukoaz ohartzea besterik ez dago.

Indiara joan aurretik, Sikhen aurpegiak, Hollywood-eko pelikuletan agertzen ziren bizardun eta durbantedun gaizkile haiekin lotzen zuen Lutxianok. Eta, behin Indian, Lutxiano asko harritu zan telebistako iragarki batean. Sikh familia zoriontsua agertzen zen, Negurikoen plantako txaletean, zein ona zan edaten ari ziren kakao disolbagarria indiarrei azalduz.

-Topikoak bidaiak agerian uzten dituen gezurrak dira -ezarri zuen Lutxianok-.

Sikh-en janzteko modu berezi hori, nola ez, jainkoren batek agindutakoa zen; jarraibide horiek sikhismoaren 'bost K-k' izenarekin ezagutzen dira. Kuriosoak iruditu zaizkit eta horregatik dakarzkit honera:

* Kesh: ilea luzatzen utzi behar da, ezin da moztu.
* Khanga: ilea biltzeko orratz txikia.
* Karra: metalezko besokoa.
* Kacha: barruko arropa luzea.
* Kirpan: daga txikia: ezin da eraso egiteko erabili.


Sikh gaztetxoak -ile gutxiago daukatelako-, ez dute nagusiak bezain durbante handia eramaten, eta ilearekin egindako pelotatxoagatik ezagutu ditzakegu. Batek baino gehiagok irainak eta parreak jasan behar izan ditu Europara etorri danean, haien itxura xelebrea dela eta. Tristea eta penagarria da batzutan europarra izatea.

80ko hamarkadan, Sikh-ak borroka armatua hasteko zorian izan ziran, estatu propioa lortzeko xedez: 'Khlalistan'. Gatazka Amristar-en piztu zan, Sikhismoaren hiri santuan: abertzale batzuk 'Urrezko Tenplua'-n sartu ziran, eta Indira Ghandi presidenteak ejerzitoa bidali zuen bisita egitera. Horren eraginez, Indira Ghandi akatu zuten bere bi bizkartzain sikh-ak, 1984ko urrian 31ean. Eta ostean, errepresioa. Milaka sikh erre zituzten. Baina horrek ere ez zuen arazoa konpondu; are gehiago, bi erligioen arteko liskarrak areagotu egin zituen.

Eta nola bideratu zan ba, kontu hura? Lortu al zuten sikh-ak bere askatasun gosea asetzea? Horretarako Pavan K. Karma-ren hitz batzuk ekarri nahi ditut honera.

"(...) gaur egun, Punjab-eko politikari sikh-ei zati handiagoa eman zaie administrazioaren gaztan. (...) Indiaren estrategiaren ardatza akordioan datza: Indiako gobernuak, edozein eskakizunaren aurrean amore emateko prest dago, baita mutur-muturreko separatisten aurrean ere. Itun-politika horrek ez du ia mugarik: arerioa lasaitzea, pizgarriak eskaintzea, negoziazio luzeak, lausengu pertsonalak, edo otsoak usoaren mozorroa janztea."

Eta hitz hauek gogoratu ondoren datorkit, nola ez, galdera saihestezina. Ea Euskal Herrian ez ote garen bide berberean. Ez dakit ba, Indiako ereduak hemen balio duen ala ez, hain herri desberdinak izanik. Ikusiko degu...


Kristatuak utzi ditut bukaerarako. Nahikotxo daude Goan, Portugaleko kolonia ohian. Hango mezetan kantzatzen diren abestiak hemengoak baino alaiagoak dira, tropikoan kristau izatearen abantaila!

Goara joaten garen euskaldunok ezin dugu alde batera utzi 'Goa Zahar'-era bisitatxoa, bertako 'Bom Jesus' basilikan napar baten gorputza baitago ikusgai. Norena ote?

Xabierko Prantxiskoarena, noski. Bere gorputz ustelgabeak hor darrai orandino. Bere historia ezagutzen? Beno, 'historia' baino, singularrez, 'historiak' esan beharko genuke. Izan ere Prantxiskoren 'gorputzaren' historia bi ataletan zati daiteke: bata, bizirik zegoenean, eta bestea, hilik.

Prantxiskoren bizitza bi hitzetan kontatuko dut, bigarren atala delako interesatzen zaidana: Loiolako Inazioren laguna gaztetan, Asiara jo zuen kontinente osoa kristautzeko intentzioarekin. Lan eskerga, ez ta? Ardura larriek, hainbeste sinesgabek, bere osasuna nahiko ximurtu zuten, eta hogeitamapiko urtekin hil zan gure jesuita nekaezina.

Baina, arima hil bazen ere, gorputzarekin ez zan gauza bera gertatu. Hilabeteak pasa eta gorputza ez zen usteltzen. Xabierkoaren heriotzatik urtebetera, bere gorputza Goara eramatea erabaki zen, 'Bom Jesus' basilikara. Gorputzak berean jarraitzen zuen. Orduan hasi zen Xabierko Prantxiskoren gorputz ustelgabearen mitoa. Asko eta askok mirari baten aurrean zeudela sinetsi zuten. Eleizak bi jesuita bidali zituen miraria egia ote zen erabakitzera. Bularrean zeukan zauri batean sartu omen zuten eskua eta, handik atera eta garbitu zituztenean, halako zerbait idatzi zuten: "eskuak kendu genituenean, odolez blai eginda zeuden, eta ez zeukan usain txarrik".

Guzti hori XV. menedean gertatu zan, baina beatifikazioak hurrengo mendera arte itxaron behar izan zuen. Ordurako, erlikia ehiztariak lanean zeuden jada Xabierkoaren gorputz ustelgabean: 1614an eskubiko besoa kendu zioten; 1636ean eskubiko omoplatoa; geroxeago barruko organoei iritsi zitzaien txanda. XVII. mendean, Prantxiskoren gorputzak itxura penagarrian zeukan. Orduan erabaki zuten kristalezko kutxa batean gordetzea. Gaur egun, 10 urtean behin ikus daiteke. Beraz, Adelaren argazkitxo hauekin konformatu beharko gara.





Lutxiano bere herrikidea agurtzen saiatu zan baina Prantxizko gaixoak ez zuen besoa altxatu ere egin.





Hurrengo posterako utziko dut Indiako erligio nagusia, zalantzarik gabe kristauena baino askoz dibertigarriagoa, praktikoagoa eta, batez ere, ez hain siniestroa.


---------------------

Posteskriptuma:

Hona hemen aipatu autorearen liburuaren erreferentzia. Ondo pentsatutako liburua, mamitsua eta oso landua. Hurrengo post-ean ere bere lekua izango dute bertan aipatzen diren datu zein iritziak.

-Pavan K Karma. 'La India en el siglo XXI'. Ariel argitaletxea. Bartzelona. 2006.

Niciun comentariu: