Gautxoriaren balada

Irailaren 24 hartan Lutxianok gaupasa egin zuen, aspaldiko partez. Seirak aldera lagun batek zazpiretan bizkantxak zirala gogoratu zion.

-Famaue hi! Parranda amaitzeko, bizkantxak! Zer ederrago gautxori batentzat, egunsentia, goizaren lehen argilunak dastatzea baino?

Beraz, ‘Soraluze’ tabernan azken tragoxka hartu ostean, zazpiretan puntuan plazara jo zuten. Bertan, dena prest zegoen zezenaldirako. Harmailak gaztez josita zeuden, baita udalak jarritako hesi horiak ere.

Kamioiaren atzeko atea jaitsita zegoen. Lehen bizkantxa korrika zebilen jada.

Lehen zezentxo hura nahiko txikia zen; hala ere, errekortatzaileek nahiko luzitu ziren berarekin. Hamar bat izango ziran zezentxoa zirikatzen; hoien artean -nola ez-, Yaku nekaezina, beste guztien aita izan zezakeena.

Bigarren zezentxoa atera aurretik, post honetako protagonista eman zan ezagutzera: mutil gaztea eta fuertea; ile motza eta galtza militarrak; eta, batez ere, haren begi beltzak: putzu amaiezina.

Hemendik aurrera, beraz, Putzu deituko diot gizagaixo horri.

Brindavinok lurrean ikusi zuen lehen aldiz, beregandik metro gutxitara. Hesia saltatzen saiatu eta, erortzean, flapa! kriston bizkarrekoa jaso zuen momentuan.

-Inoren eraginik gabe erortzen bazara, ez det pentsatu nahi zer gertatuko den betizua ateratzen danean.- Esan zion Lutxianok, mutilak entzuteko moduan. Putzuk Lutxiano begiratu zuen, eta Brindavinok orduan erreparatu zion bere begirada hutsari.

Baina Putzuk ez zuen ezer erantzun; buelta eman eta plazan sartu zen, balantzaka.

Handik aurrera gertatutakoak herriko parranderoen urtekarian azaltzea merezi du, zalantzarik gabe.

Izan ere, Putzuk teknika berria zekarren gurera: zezenari iskin egin beharrean, aurre egin eta muturretara botatzen zan, itsu-itsu, lepoa besoekin heltzen zion arte.

Borroka desigual horretan normalean biak joaten ziran lurrera, baina pare bat aldiz zezenak Putzu airera jaurti zuen, eta orduan kriston txalo zaparradak entzun ziran armailetan.

Putzuk erakutsi zuen bigarren teknika modernoa oso 'dibertigarria' zen: betizuaren atzetik hasi zen korrika, eskuarekin ipurdia kastigatzen zion bitartean.

Hasieran grazia ematen zuenak, nazka bihurtzen hasi zen. Batenbat Putzu kaleratzen saiatu zan, baina lan hutsala zan hori, desertzioa ez baita masokisten eskeman sartzen.

Bizkantxen ostean, ponia atera zuten. Hau ere oso txikia zen eta nekez eraman zezakeen mozkor gazte bat bere bizkarrean.

Eta mozkor hura Putzu bazan, ba pentsa!

Han izan zirenak ez dute inoiz ahaztuko Putzuren paseo txiki hori. Bost segundu horietan, Putzuk, Jesukristo Jerusalenera sartu zenean sentitu zuenaz oso gertu ibiliko zan. Ikusleek bazuten, beraz, bere profeta:

-Tooonto! Tooonto! Tooonto!

Eta gero berriro erori zan, hamaikagarren aldiz. Baina ez zirudien minik sentitzen zuenik. Berehala altxatzen zan, saltotxo bat eta, eup! hurrengo bizkarrekoa jasotzeko prest.

Halako batean, mutil batek bere probokazioei aurre egin zion. Hor hasi zan iskanbila. Gazte askok plazara sartu ziran Putzuren bila. Baina honek ere bere lagunak zituen eta hauek hala nola atera zuten handik.

Nola amaitu zen istorioa, batek daki. Lutxianok etxerako bidea hartzea erabaki zuen. Ikusitakoa aski zan berarentzat. Ez zuen azkeneko kapitulua ikusi nahi, aurretik ezagutzen baitzuen.

--------------------------


Hamar bat urte lehenago, Zumarragako jaietan, ‘kanpotar’ bat herritik bidali zuten eguna. Orduan ere goizaldean gertatu zen, betizuen ostean, Zumarragako enparantzan. Garai hartan txosnak plazako arkuetan zeuden, eta bertan biltzen ziran gautxoriak, bizkantxen ostean.

Baina zezentxoak bukatu baziren ere, jendeak plazara begira jarraitzen zuen. Izan ere, plazaren erdian pertsona bat zegoen atentzio eske. Metro larogeiko tipo flakua zan. Buruan, ‘Europe’ estetikako greña luze kizkurrak. Bere gorputz osoa dantza sentsual batean murgildutik zegoen. Eskuetan zeraman, segundu batzuk lehenago jantzita zekan alkandora.

Jimmi deituko diot.

Jendea txundituta zegoen Jimmirekin.

Levisak erantzi zituen eta bere kaltzontzilo deigarriak agerian geratu ziren.

Orduan gertatu zan gertatu behar ez zena. Herri txiki horietan ez dira normalak gauza horiek, eta batek baino gehiagok probokaziotzat hartuko zituen.

Nork asmatu zion kopetaren erdian gela puxka batekin? Brindavinok bere izena izkutuan mantentzeko eskatu dit. Jimmi, txosnetara jo zuen jaurtitzailearen bila. Baina han jende asko zegoen, eta aurre egin zion lehenari eman zion lehen ukondoa.

Dozenaka lagun joan ziren Jimmiren bila. Honek atzera egin behar izan zuen eta, bere zorionerako, udaltzainen babesa aurkitu zuen. Baina udaltzainek ezin zezaketen gehiegi egin. Nahiko lan zuten bere burua babesten. Dena den, Jimmi plazatik ateratzea lortu zuten, hala edo nola, Kalebarrenera bidean.

Herriko jendeak Kalebarrendik ikusi zuen Jimmi azken aldiz. Ipintzako iturriaren inguruan zebilen, bakarrik, maite ez zion herriari bizkarra emanez.

-------------------


Etxera bidean doa Lutxiano gautxoria. Euri tanta batzuk datoz goitik, baina ez dio axola. Eliz-Kaletik dabil. Eskubian Irimo mendiak agurtzen du, baita Oteitzaren Itziar eskulturak ere. Eguzkiaren lehen laztanak lausotzen dituzte jada. A ze suertea. Eta han goran, zeruan? Ostadarra. Ba al da gaupasari zein postari bukaera emateko modu ederragorik?

Niciun comentariu: