Gauza perfektuek

Blog hau ez da perfektua. Are gehiago, arras defektu ditu. Aurreko postak bisitatzen ditudanean, hainbat eta hainbat akats aurkitzen ditut: inkoherentziak, paragrafo hutsalak, esapide matxistak, jainkoari erreferentziak agnostikoa izanik...

Baina ez pentsa horrek gehiegi arduratzen nauenik, ni neu inperfektua bait naiz, ni ere akatsez josita bait nago.

Izan ere, blog perfektua etzait batere interesatzen. Ez nuke halakorik irakurriko, ez baitut horretan sinesten. Bizitza, Matxadok zioen bezala, bidea da, eta ibilera horretan datza bere xarma. Komiki munduan argi ikusten da hori: Asterix eta Obelix, Corto Maltese edota Blueberry ezin dira ulertu haien hastapenetako marrazki eta karakterizazio inperfektuak kontutan hartu gabe.

Ez gaitezen, beraz, hain kritikoak izan besteen akatsekin. Bizitza ez da behinbetikoa, etengabeko prozesua da, eta bertutea prozesu hori garatzean datza. Ez gaitezen geratu egindako lanak kontenplatzen, ez eta horri berari akatsak bilatzen ere. Hobe da inperfekzio berrien bila aurrera egitea.

Hargatik aukeratu dot post honen izenburua.

Titulua Kirmen Uriberen poema-abestia da, eta Zaharregia, txikiegia, agian KDan eman zen argitara. Pena da Lutxianok oraindik audioa publikatzen ez jakitea: ikasturtea amaitzen duenerako utzi beharko du.

Horrela hasten da abestiaren letra (gehiago ez, diska originala lagun txinatar bati oparitu nion eta):

Gauza perfektuek
ikara ematen didate,
ez ditut atsegin...

Letra ederra da. Kirmenek abestuta, hobea. Lehen aldiz entzun zuenean, txundituta geratu zen Brindavino. Instant batean, bere anai Txominek abesten zuela iruditu zitzaion, Urretxuko Gaztetxean Piztiak bailiran. Brindavinorentzat, Uribe anaiak aintzindariak ziren Pop-a euskal mudura ekartzeko orduan. Inork baino hobeto interpretatu zuten Pop ingelesa euskaraz. Espainolez ere oso gutxi hurbiltzen zitzaien.

Horregatik guztiagatik aintzindaritzat zituen Lutxianok, Mikel Laboa eta Jabier Muguruzaren pare jarriko lituzke.

Hainbeste gustatu zitzaion abestia, non 2005eko ihauterietan, bere mozorroa Kirmen Uriberi dedikatu zion:

Lutxiano, hamabost urteko neskatoa bihurtu zaigu. Badakizue adin horretako neskatxei zenbat gustatzen zaizkien abeslari gazteak: Los Pecos, Hombres G, Enrique Iglesias, Unax Ugalde, Kirmen Uribe...

Ba neska lirain hori Kirmen Uriberen fana da. Taberna guztietan eskatzen du Gauza perfektuek, baina DJ-ek ez dute aldi bakar batean ere jarri.

Orduantxe ohartu da Lutxiano neska gaztetxoek ez dakitela nor den Kirmen hori.

-Zer egingo diogu ba, neska lirainena ere ez du zertan perfektua izanen...

Niciun comentariu: