Indiar Intermitentziak 1.1

Bidai orria



Delhi. Bost gau.
- Uztailak 31: Delhi-Agra. Trenean (4 ordu).
Agra. Bi gau.
- Abuztuak 2: Agra-Jaipur. Trenean (5 ordu).
Jaipur. Bi gau.
- Abuztuak 4: Jaipur-Pushkar. Autobusean (4 ordu).
Pushkar: Lau gau.
- Abuztuak 8: Pushkar-Jodhpur. Autobusean (4 ordu).
Jodhpur. Bi gau.
- Abuztuak 10: Jodhpur-Jaisalmer. Autobusean (6 ordu).
Jaisalmer. Hiru gau.
- Abuztuak 13: Jaisalmer-Udaipur. Gau traumatikoa autobusean (12 ordu).
Udaipur. Hiru gau.
- Abuztuak 16: Udaipur-Mumbai. Gaua autobusean (16 ordu).
Mumbai. Bi gau.
- Abuztuak 19: Mumbai-Goa. 'Shatadbi Express' trenean (10 ordu)
Colva (Goa). Zortzi gau.
- Abuztuak 28: Goa-Mumbai. 'Shatadbi Express' trenean (10 ordu).
Mumbai. Hiru gau.

Indiar intermitentziak 2.4

Ganapati festibala

Irailaren hasieran Ganapati festibala ospatzen da India osoan. Hamar egunetan zehar Ganesha-ren omenezko prozesioak eta instalazioak egiten dira azpikontinentearen bazter guztietan.

2006 hartan, Lutxiano eta Adela Mumbai zeuden, bidaiaren azken egunak pasatzen; han ere, Ganapati nonnahi.

Behin-behineko tenpluak
Prozesioak










XIX. mendaren garaiko tramankulu mekanikoak




-----------------------

Ganeshen bizitzaren inguruko istoriak edonon entzuten dira. Oso errotuta daude indiarren azpikontzientean. Adibide adierazgarri bat: hindiar jainkoei buruzko telesailak egin izan dira, hegoamerikako 'kulebroi'en modura.

Bere inguruan kontatzen diren istorioen artean, bat ekarriko dut honera, elefante buruaren esanahia argitzen duena alegia.


Zergatik du Ganeshak elefantearen aurpegia?

Shiva eta Parvati senar-emazteak, Ganesha izena jarri zioten bere seme jaioberriari. Gaztetu zanean, mundua ezagutu nahi zuela eta, etxetik alde egin zuen. Urteak eta urteak eman zituen hemen eta han, Indiako bazter guztiak bisitazen. Indiako beste puntan zegoela, herrimina bere bihotzera deitu eta etxerako bidea hartu zuen. Baina etxean ez zuen harrera onegirik jaso. Aitak ireki zion atea:

-Aita, neu naiz..., Ganesha..., zure seme...

Shivak ez zuen bere semea ezagutu. Bere begiek, gizon arrotz, zikin eta gezurti bat besterik ez zuten ikusten. Haserre batean, ezpata hartu eta lepoa moztu zion


Zart!

Ganesha gaixoari.

Orduan Parvati agertu zen; oihu ikaragarria bota zuen, bere ankek Ganesharen garezurrarekin topo egin zutenean.

-Shiva madarikatua! Zer egin dozu gure seme maitearekin!

Shivak Ganseharen burua eta gorputza hartu eta Brahmarengana jo zuen, ea berak biak batzera asmatzen zuen. Baina garezurra oso hondatuta zegoen, eta Brahmak beste aukera bat eskaini zion Shivari.

-Bittu ze ingo deu. Atera kalera eta aurkitzen dezun lehen bizidunari burua kendu eta zure semearen gorputzaren gainean jar ezazu.

Shivak elefante-kume bat aurkitu zuen; lepoa moztu eta Ganesharen gorputzean jarri zuen. Parvatiri ez zion grazia handirik egin bere semea buru horrekin ikusteak, baina azkenean amore eman behar izan zuen.


-------------------

Posteskriptuma: Istorio honen bigarren bertsio bat irakurri berri dut, aldaketa txiki baina garrantzitsu bat dakarrena. Kontakizun horren arabera, Shiva izan zan etxetik alde egin zuena, eta ez Ganesha:

'Shiva Parvatirekin ezkondu eta Kailash mendira joan zan metidazioa egitea. Alde egin urte erdira, Parvatik seme bat izan zuen. Urte dexente geroago, ermitau bizitzarekin aspertu zanean, Shivak etxera bueltatu zen. Etxeko atean gaztetxo bat bidea oztopatzen ari zen.

'-Geldi hor! Ezin zintezke sartu! Parvati bainua hartzen ari da, eta bitartean inork ez dezake etxe honetara sartu.

'Shivak ez zekien gaztetxo hura bere semea zenik, eta Ganeshak, beste hainbeste, inoiz ez bait zuen bere aita ikusi.'

(Hortik aurrerakoak ezagutzen dituzu jada, lehen bertsioaren parekoak baitira.)

'Haserre batean, ezpata hartu eta lepoa moztu zion

'Zart!

Post zahar honetan bezalaxe.

Ostrukaren estrategia (eta bi)

Errealitatearen aurrean begiak ixtea ez da gizabanakoen ezaugarri esklusiboa. Gizarteak ere askotan jarraitzen du ostrukaren estrategia. Tesi hori irudikatzeko, etorkin gazteek gaur eta hemen bizi duten egoerari buruz ariko naiz.

-------------------

Azken urteotan, etorkin ugari iritsi dira Euskal Herrira: magrebtarrrak, sahara azpikoak, latinoamerikarrak, Europa ekialdekoak... Eta horien artean, nola ez, gaztetxo asko daude, 16 urte bitartekoak, eskolara joan beharra daukatenak.

Ikasle horien gehiengoak euskaraz ez dakienez, B ereduan matrikulatzen da. Hemen gauza bat argitu nahi det: DBHko ikastexe askotan, B eta D ereduko ikasleek ikastetxe desberdinetan ikasten dute. Batxilergoan, ikastexe berberetan badaude ere, bereizketa sotilagoak ematen dira, hots, B eredukoen gela arik eta urrutien jartzea, esate.

Era horretan, gazteleraz soilik bizi diren neska-mutikoak, ez dituzte D eredukoekin harremanak izateko aukera asko izaten. Aisialdi garaian ere gauza bera gertatzen da. Horretaz ohartzeko, larunbat arrats batean Ilunbe aldera egitera gomendatuko nuke. Talai ederra etorkinen mundua eta erreferenteak ezagutzeko.

Modu horretan, gure begien parean mundu paraleloa sortzen ari den bitartean, gizarteak ezer pasako ez balitz bezala jokatzen duelakoan nago. Eta hori da gehien harritzen/sutzen nauena. Hezkuntzako sindikatuek kaleratzen dituzten aldarrikapenetan ere, zeharka aipatzen da etorkin berrien fenomenoa.

Hori dela eta, aurreko ostiralean poza handia sentitu nuen, Berria egunkariak Miramar jauregian egiten ari ziren jardunaldien berri eman zuenean. Bertan, Hizkuntz ereduen desagerpena eskatu zuen Felix Etxeberriak. 'Ikasle guztiak euskaldundu' lemapean, zalantzan jarri zituen, gaur egun, B eredua mantentzeko arrazoiak:

"Ikasleak elkarrekin egotea defendatzen dugu, gela berean eta eredu bakar batean, integrazioaren bidean sakontzeko eta bi pentsamolde eta gizatalde sor daitezen eragozteko."

Bere proposamena Kataluniako eredua jarraitzea da: "legeak espresuki debekatzen du ikasleak beren ohiko hizkuntzaren arabera ikastetxe edo talde berezietan banatzea."

Erabat ados nago horrekin. Bide desberdinetatik ondorio berberera ailegatu gerala iruditzen zait. Bere diagnosiarekin, berriz, ez nator bat, A eta B ereduetan ikasteko arrazoi bakarra dagoela uste baitu: "Seme-alabek euskara ez ikasteko."

Kontu hori sakonago aztertu behar delakoan nago. Horregatik, puntua hartuko diot Felixek mahai gainean jarri duen galderari:

Zergatik A eta B ereduen arteko bereizketa hori?

Alde batetik, susmoa daukat, D ereduko ikasleak eta haien gurasoak gustora dabiltzala egungo egoerarekin. Guraso askok beldur dira ea etorkinek ez dituzten haien seme-alabak 'kutxatuko'. Bai, badakit, berriro ere generalizatzen ari naizela, baina tokatu zait ikustea etorkinekiko mesfidantza hori gero eta gehiago errotzen ari dela gure eskoletan.

Bestetik, B ereduko ikasleei ez dirudi bereizkeri hori gehiegi axola zaienik. Batek baino gehiagok euskara oztopoa bezala ikusten duela esan dit; ikasi baino, nahiago dutela lana Euskal Herritik kanpo bilatzea.

Horrelakoak entzuten ditudanean oso triste jartzen naiz, eta lurrazpian sartzen dut nere burua, ikasleak nere malkoak ikus ez ditzan.