Indiar Intermitentziak 3.1.1

Bidean: Autoricksaw sorta.

Indiako hirien sena bilduko zuen ikono bat bilatu ezkero, autoricksaw-ak aukeratuko nituzke, zalantzarik gabe. Edonon (Mumbai-n salbu) topa daiteke motoziklo horietako bat eta, oso diru gutxigatik, atrakzio tipiko horretaz gozatu.

Gainera, ez pentsa, autoricksaw-etan ibiltzeaz bat aspertu egiten denik -birikak kontaminatu agian, bai-, ez eta gutxiagorik ere. Izan ere, autoricksaw bakoitzak xarma ematen dioten ezaugarri berezi batzuk ditu.

Gehienak, esaterako, kolore berde eta horikoak dira, baina beltz kolorekoak ere aurki daitezke.

Batzuk oso zaharrak dira, haien motorrak ozta-ozta libratzen dituzte bide zuloak eta aldapak. Beste batzuk, berriz, katu abisinioa zabortegi batean ikustea bezalakoak dira. Apaindurez josita, pintatu berriak...

Kontraste biziena: motozikloan sartzen den jende kopurua. Turistak badira, hiru, gehienera jota; bertakoak, berriz, batek ez daki, nola kabitzen diren hainbeste. Dieta kontua izango al da?


Niciun comentariu: